Barakaldoko EGAlariak

2005/12/12

Argitaratu diren azken ikerketen arabera, eskola porrota inoiz baino handiagoa da gaur egun gure gizartean. Honek eztabaida ugari sortu ditu irakaskuntzaren zein gaur egungo umeen ezaugarrien inguruan. Alde batetik gurasoek gogor kritikatzen dute irakaskuntza eredua, egokia iruditzen ez baitzaie. Beste aldetik irakaskuntzaren profesionalek errua gurasoei botatzen diete umeen heziketa txarrarengatik. Begirunerik ez daukatela, klasean adi ez daudela, babestuegi daudela gurasoen aldetik... zaila bide da ikasleen aldetik iteresik jarri barik heziketa ona ematea. Nolanahi ere, nire ikuspuntutik, aipatutako bi aldeetan bilatu behar dira egoera honen errudunak.

Argi dago gaur egungo umeak ez direla garai batekoak bezalakoak. Haiek etxean jasotzen ari diren heziketak guk jasotakoarekin ez du zerikusirik. Eta bat nator hemen irakaskuntzaren profesionalek esandakoarekin: gurasoek oso erraz jarri nahi dizkiete gauzak beren seme-alabei, babestuegi daude umeak alegia. Nire garaian irakaslearekin arazoren bat edukiz gero, argi zegoen gurasoek beti emango zioketela arrazoia irakasleari. Gaur egun, aldiz, gehienetan umeekin bat egiten dute eta, zenbaitetan, irakasleak umearekin daukan arazoa, gurasoekin izatera irizten da. Denok pentsatzen dugu geure seme-alaba, hain ona izanda, ezinezkoa dela portaera txarra izatea. Beraz, irakasleak bihurrikeriaren bat leporatzen badio, gezurtzat hartzen dugu irakaslearena egia izan daitekeela pentsatu beharrean. Horrela, umeengan dauden portaera falta horiek ez dira zuzentzen, hori zuzentzea gurasoen esku baitago, baina ez dute aintzat hartzen, ordea.

Heziketan gurasoen akatzekin jarraituta, umeei gehiegi eskatzen dietela uste dut. Hau da, garai batean eskolatik irten eta gero, normalean lagunekin jolasten ziren kalean, baina gaur egun, berriz, nekez ikusiko dugu ume multzorik futbolean jolasten kalean arratsaldean. Baliteke hau gertatzea joku ohiturak aldatu direlako, baina nire ustez gertatzen dena da umeak klase partikularrak hartzera edo ikasketa bereziak egitera bidaltzea orokortu dela. Gurasoek ikaragarri kezkatzen dira umeek nota txarrak badakarzkiete etxera. Hori dela eta, berehala ikusten dute umeak gehiago ikasi beharra, baina lortzen dutena da umea nekatzea. Ume txiki batentzat beharrezkoa da jolastea, hori ere garrantzitzua baita nortasuna egiteko orduan, baina hori ez dute gurasoek kontuan hartzen, nonbait. Gainera, gero eta gehiago eramaten omen dira umeak psikologoarenera, ikasgairen batean txarto ibilita, arazoren bat daukatelakoan. Hala ere, gehienetan psikologoek ez dute arazo berezirik ikusten umeengan, baina gurasoek horrela jokatuz gero, umearengan normala ez delako sentimendua sortzen dute. Kaltegarria da, beraz, horrela jokatzea umeekin, arazoa gurasoek berek sortzen baitute.

Baina indarrean dagoen irakaskuntza ereduak ere badauka bere errua eskola porrot honetan. Beharbada irakaskuntzaren arduradunek argi dauzkate sistema honen helburuak, baina ez dut uste, ostera, gizarteari helburu horiek azaldu dizkiotenik. Bakoitzaren arabera, helburuak ezberdinak dira. Esaterako, askoren ustez garrantzitzuena edukiak ematea da, beste askoren ustez baloreak ematea da, ordea, garrantzi gehien daukana; badago nortasuna egitea helburu nagusia dela esaten duenik, edo umeak leku batean egon behar direla besterik ez pentsatzen duenik. Helduok gure umeek zertarako ikasten duten ez badakigu, are gutxiago edukiko dute argi umeek berek. Zerbait egin daiteke emaitza ona lortzen dugularik, egite horrekin lortuko duguna jakin gabe? Zerbait lortzekotan, jakin behar da zer den lortu nahi duguna, horrek motibarazten gaitu eta. Hain zuzen ere, motibazio gutxi ikusten dut gaur egungo ikasleengan. Dena den, arduradunek guk jakitea nahi ez dituzten helburuak egon daitezke irakaskuntzaren atzean. Hori ere pentsatu dut, baina ezin dut erantzun zergatik, nire iritzia izan arren. Norberak bere ondorioak atera ditzala puntu honetan.

Beraz, arazo larri bilakatzen ari den eskola porrotan errua banandu behar da. Logikoa denez, irakaskuntza eredu honek emaitza onak lortzen ez baditu, irakaskuntzan bertan ondo ez dabilen zerbait dago. Hala ere, oso garrantzitzua da arrakasta lortzeko orduan, ingurugirotik lortzen den laguntza, kasu honetan harreman estua baitago bion artean. Eta hor sartzen da gurasoen zein umeen portaera, beharbada egokiena ez dena. Bi ikuspuntuak ulertzen ez diren bitartean, jarraituko dugu bestea aldatzearen zain, eta egoerak berdin jarraituko du.

0 Comments:

Post a Comment

<< Home