Barakaldoko EGAlariak

2007/01/18

GURE FAMILIA ETA BESTE KIDE BAT


Azken hiru urteotan gure amona gaixorik egon da eta ordu mordo egon da ohean, telebistaren aurrean. Berak esaten duenaren arabera: “Telebista nire laguna da, laguntzen dit eta”. Nik denbora asko eman dut amona zaintzen, eta telebistari esker amonak eta biok beti eduki dugu zer edozer komentatzeko. Gainera, niri asko gustatzen zait bidaiatzea, baina amona zaintzeagatik, denbora gutxi daukadanez, telebistari esker oporrak prestatzen ditut. Horren ondorioz, esaten dut nahiz eta telebista oso kritikatua izan gure gizartean, gaur egungo familietan telebistak hartu duen lekua aproposa dela. Arrazoi asko eman ditzaket hau pentsatzeko, baina aipagarrienak hurrengoak dira.
Lehenengo eta behin, kontuan hartu behar dugu gizarte honetan gero eta jende gehiagok sentitzen duela bakardadea eta jende gehiagok bakarrik ez sentitzeko telebista pisten duela. Adibidez: gauean lan egiten dutenak (jagoleak, erizainak, suhiltzaileak,…)bakarrik bizi direnak (alargunak, banandutakoak, ezkongabeak,…) gaixorik daudenak edo lana dela eta etxetik kanpo bizi direnak. Haiek guztiek telebistaren aurrean denbora gehien ematen dutenak dira. Haiek aitortzen duten bezala, telebista piztuta dagoen bitartean ez dira hain bakarti sentitzen.
Gainera, esan ohi da telebistak familia komunikazioa apurtzen duela, baina ez nator bat baieztapen honekin. Nire ustez, komunikazioa apurtuta badago telebista aitzakia baino ez da ez hitz egiteko. Alegia, familia ondo moldatzen denean, telebista piztuta egon arren, familiakideek hitz egiten dute, eta gainera, telebistak iritziak konpartitzeko aukera ematen die.
Bestalde, urrun gertatzen diren ospakizunak ikusteko aukera ematen digu. Demagun futbolzale amorratua naizela. Nire taldea “etxean” jokatzen duenean futbol zelaira joan naiteke partida ikustera (gustura gainera), baina “kanpoan” egiten duenean ezin dut partida ikusi, ezin dudalako hilabetean bitan bidaiatu. Eskerrak telebista piztu baino ez daukadan partida ikusteko. Egia esateko, ez da gauza bera nire etxean eta zelaian partida ikustea, baina nahiago dut telebistan ikustea irratian entzutea baino.
Benetan, ezin dut ulertu zergatik den telebista hain kritikatua gaur egun, azken momentuan gizakiok aukeratzen dugulako zer ikusi eta zer ez, eta, nire kasuan, behintzat, telebistak laguntzen dit, informazioa ematen dit eta gainera entretenitzen nau. Eskerrik asko telebistari!

Marijo B. 2007

0 Comments:

Post a Comment

<< Home