Barakaldoko EGAlariak

2005/11/24

GAZTEA URTE ASKOTARAKO
Nork esan ahal dit dagoeneko gaztea ez naizela? Neure betiko aurrezki-kutxak egin du. Pasa den astean aurrezki-kutxak gutun bat bidali zidan, nik hogeita hamar urte bete izana, gazte-kontua kontu normal bihurtuko zela adierazteko. Aldaketa honekin abantaila asko galdu dut "dagoeneko gaztea ez bainaiz". Baina, zer da gaztea izatea ? Noiz bukatzen da gaztaroa? Hogeita hamar urte betetzen denean, ala noiz? Gai korapilatsua da, baina, nire ustez, esan daiteke gaztaroa lehen baino beranduago bukatzen dela. Arrazoi batzuk bururatzen zaizkit.

Lehenengoz, gaztaroak ikasketekin du zerikusia. Orain lehen baino aukera gehiago dago ikasteko, eta jende askok unibertsitatera joatea erabakitzen du. Hor ikasketak luzeagoak dira eta, karrera zaila bada, urte ugari ematen da bukatzeko. Gainera, konpetitibitatea dela eta, ikasketak bukatu ondoren, oso ohikoa da osagarrizko ikastaroak egitea curriculum-a hobetzeko. Eta nahiz eta lan egiten hasi, batzuek jarraitzen dute ikastaroak egiten.
Bigarrenik, lan egonkortasunaren bilaketa beti izan da asmo nagusienetarikoa gazteen artean. Hala ere, dirudienez, azken urteotan lan munduan sartzeko momentua atzeratu da. Batetik, atzerapen hau ikasketak beranduago bukatzearen ondorioa da. Eta bestetik, langabeziak sortzen du jende askok luze jotzea lana aurkitu arte. Are gehiago, lan finkoa aurkitzeko urte asko eman daiteke.
Lan egonkortasunaz gain, egonkortasun pertsonala ere kontuan hartu behar dugu gaztaroa ikertzean. Orain etxebizitzen salneurria oztopo handia da gurasoengandik independentziatzeko eta jendeak lehen baino askoz beranduago erosten du etxebizitza. Faktore honek, ikasketak luzeagoak izatearekin lotuta, ezkontzearen adina baldintzatzen du. Beste kontu bat da umeak edukitzea. Kasu honetan, puntu batzuek parte hartzen dute, lan finkoa edukitzeaz gain, denbora edukitzea nahitaezkoa da eta. Horrela, ikasketak eta ikastaro-mota guztiak bukatu behar dira erabaki hau hartu baino lehen.
Hau guztia kontuan hartzen badugu, eta gaztaroaren amaiera erantzukizunaren eta egonkortasunaren hasierarekin lotzen badugu, esan daiteke gaurko gizartean gaztaroa ez dela inolaz ere bukatzen hogeita hamar urte betetzen denean. Ez du adinarekin zerikusirik, bizimodu zehatz batekin baizik.
Barkatu, nire aurrezki-kutxa maitea, baina, zorionez edo zoritxarrez, ni gaztea naiz.
GAZTEA IZATEA: INOIZ BAINO ERREZAGOA
Pasa den astean, azaroak 12a, Madrilen Irakaskuntza Lege berriaren kontrako manifestaldia egon zen eta telebistan ikusi ahal izan dugunez partehartzaile gehienak gazteak ziren. Nik ez dakit zertan datzan zehatz-mehatz legegok, berri honek gazteen bizimoduari buruz bakarrik pentsarazi zidan eta, hausnarketa txikia egin eta gero, esango nuke orain gazteak nahi duten bezain ondo bizi direla nahiz eta arazoak aurkitu ahal dituzten. Ondorio honetara naramaten arrazoiak batzuk dira:
Lehenengo eta behin, gaztea izatearen abantaiak aipatzen hasiko naiz. Argi dago, edo argi iruditzen zait niri behintzat, gazteek nahi duten guztia daukatela, esate baterako, ez dago sakeleko telefonoa eduki nahian ez daukanik. Nork pentsa zezakeen orain dela urte batzuk hau gertatuko zela? Inork ez.
Ikasketei dagokienez, egia da, eta ez dut ukatzerik, gero eta zailagoa dela ikasketak aurrera egitea. Baina, era berean, inoiz baino bide gehiago daukate behar duten informazioa aurkitzeko. Honez gain, kasu gehienetan, ikasi besterik ez dute egiten; beraz, ahalegin guztiak ikasteko orduan ipin ditzakete, dena den, gauez irteteko denbora badago.
Bestalde, gaur egun mundua gazteentzat eginda dago, alegia, pil-pilean dagoena eta sektore guztietaik bultzatzen dena gazteei zuzenduta dago. Hau da, telebistako iragarki guztietan esaten da gaztea izatea inportanteena dela. Lehen, ordea, 25 urterekin ezkonduta ez zegoenari txarto begiratzen zioten; ondorioz, adina honekin ardura guztiak hartzen zituzten. Honekin guztiarekin, esan daiteke gaurko gizartean gaztea izatea nahiko erreza dela.
Baina ez dira guztiak onurak gazte kontuan. Alde batetik, lana aurkitzea, lehenengoa hain zuzen ere, misio ia ezinezko bihurtu da lanpostu guztietarako esperientzia eskatzen baitute. Beste aldetik, etxebizitzaren auzia kezkagarrienetako bat da. Hala ere, gai honek gazteei ez ezik, beste guztieei ere min egiten die, hori dela eta, ezin da esan etxebizitzaren arazoa gazteei bakarrik dagokieela.
Honekin guztiarekin adierazi nahi izan dudana da gaur egun, orain dela 30 urteko egoera kontuan hartuz gero, errezagoa dela gaztea izatea. Beste hitz batzuekin, nork ez luke nahiago orain gaztea izan? Nork bere kontuak atera ditzala.
Endika

2005/11/21

Futbolzaletasuna

Eginbehar batzuk direla eta, behartuta egon naiz azken urteotan Bilbotik kotxez ibiltzera. Guztion gogoan dago zelako trafiko zailtasunak dauden Bilbotik irteteko arratsaldeko zortziak aldera, eta zelako istiluak sortzen diren. Nik, berriz, denbora hori “futbolmanía” izeneko fenomenoaz hausnartzeko aprobetxatzen dut, eta egindako hausnarketak futbolaren ikuskizunak, orokorrean, gizartearentzako balore onik ez daukala pentsarazten dit beti, kirol gisa ongarria iruditu arren. Arrazoi batzuk aipatuko nituzke iritzi hau argitzeko:
Lehenengo eta behin, aipatzeko modukoak dira futbol kulturak hezkuntza arloan sor ditzakeen kontrajarriak. Irakasle guztiak batera doaz beren zentruetan futbolarekin ezin dutela konpititu esanez, ikasleentzat askoz erakargarriagoak baitira Ronaldo edo Raúl Cervantes eta Bernardo Atxaga baino. Gainera, diote irakasleek, futbolari dagozkion baloreak (konpetibitatea, arrakasta...) ez datoz bat ikasgeletan irakasten direnekin (esfortzua, errespetua eta abar).

Halaber, eta maila ez hain oinarrizko batean, futbol klub handiek eraman ohi dituzten ekonomia politikoak kontuan hartu behar dira. Nork defendatuko du, esate baterako, Real Madrid egiten ari den gestioak zentzurik duela? Eta, inportanteena, nor kezkatzen da gizarteak hartzen duen sensatzioaz, diru gastuarekin desproportzio handia burutzen ari delakoaz? Ez dago modurik, nire ustez (eta diru pribatuarekin edozein gauza egiteko eskubidea dagoelako aitzakia ez da batere onargarria), futbolari batzuen truke ordaintzen ari diren dirutzak onartzeko, hirugarren mundua eta Irakeko gerra existitzen direnean, hain zuzen.

Dena den, futbolaren alde on batzuk ere aipagarriak iruditzen zaizkit. Egia da kirola praktikatzea, gauden munduan, ohitura ez oso osasuntsuek hil ohi gaituzten honetan, guztiz gomendagarria dela, nola ez. Horregatik, futbola, ariketa psikomotor gisa eta ia beste edozein kirol fisiko bezala, estresa edo obesitatea ebitatzeko erremedio osasungarria izan daiteke.
Beste aldetik, maila oinarrizkoenean, uste dut futbola, bere atxikidura fanatiko eta mitologista guztietatik desinfektatuko balitz, indibidualismoaren eta egoismoaren aurkako antidoto ona izan litekeela. Esan behar da benetako talde kirola dela, jokalari bakoitzak gainerakoei erreparatu behar dielako. Nolabaiteko era poetikoan, adiskidetasunari egindako kantutzat jo litekeela esango nuke.

Beraz, hemen esandakoak, aipatutako alde on eta txar guztiek, futbolak egungo gizartean hartzen duen garrantzia hausnartarazi beharko liguke, ikuskizunaren ala kirolaren alde eragiten digularik. Horra hor dilema, nire ustez.

DAVID DÍAZ TABERA

2005/11/20

Ordenadoreak etsai eta lagun

Burura datorkit orain dela hamar bat urte ordenadore baten aurrean jarri nintzenean zer sentitu nuen. Alde batetik, tresna ber ri hark sortu zidan zirrara eta umea nintzenean Olentzerok ekarritako jostailuak sortzen zidana antzekoak ziren. Beste aldetik, beldurra ere sentitu nuen, nagusiagoa zarenean berria den edozerk sortzen dizun beldurra alegia. Baina ezin imagina nezakeen aparailu hau zorionez (ala zoritxarrez?) nire gaurko eguneroko lantresna izango zenik.

Egia esan, ordenadorearen mundua asko aldatu da azken urteotan, aurten erositakoak datorren urterako balio ez dizulako, besteak beste. Gainera, hasiera batean etxean ordenadorea zutenak gutxienak baziren ere, gaur egun gutxi bizi gara etxean ordenadorerik gabe eta, honek, dudarik gabe, merkatua izugarri aldarazten du.

Alabaina, zertan aldatu du ordenadoreak gure bizitza? Batzuek, ordenadoreen defendatzaileek alegia, ordenadorea munduan asmatu den gauzarik hoberena dela diote. Alde batetik, etxean izan dezakezun entziklopediarik handiena diskete txiki batean sar dakizukeelako, eta honek etxea txukun mantentzen laguntzen dizulako. Bestetik, ordenadoreak hainbat gauzatan laguntzen dizulako, hala nola kontabilitatea eramaten, idazmakina zaharkitu horiek alde batera uzten (eta nire ez-jakinean ulertzen ez dudan abar luze bat). Alde honetatik, aitortu behar dut ordanegailuek nere bizitza ere aldatu egin dutela, lehen esan bezala ez ezagutzetik
egunero erabiltzera pasatu bainaiz.

Irakaskuntza/ikaskuntzaren munduan ere sartu da informatika bete-betean. Gaur egungo umeek eskolako zerbait birpasatzean ez dute erabiltzen andereñok eskuz idatzitako orririk, nahiago dute eta etekin handiagoa ateratzen diote programa batean (softwarea omen da) grabaturiko hainbat ariketa egiteari. Honek, nire ustez, ikas-prozesua pertsonalizatu egiten du, eta egun hain behar rezkotzat jotzen den ikaskuntza pertsonal hori gauzatzen bide du.

Azken aldi honetan, bada gure artean komunikazioa erabat berrantolatu duen sistema edo dena delako bat: Internet. Ez dakit oso ondo zer den, baina argi dago Internetekin lehen ia ezinezko iruditzen zitzaiguna (nahi duzun informazioa lortu, munduko edozein lekutako batekin elkarrizteka luzea -eta merkea, antza- izan etab.) lor daitekeela. Bitxia, berria eta, ezbairik ez, iraultzailea. Beraz, ezin uka daiteke ordenadoreak gauza onak ekarri dizkigula. Ez dago hain argi gauza on horiek txarrak baino gehiago diren ala ez. Batzuetan baietz ematen du. Beste askotan, ordea, argi ikusten da ezetz. Nork bere kontuak atera ditzala.