Barakaldoko EGAlariak

2005/12/20

Eskolan eta erreta


Lehengo egunean, lan egiten dudan ikastolako jantokian hamabost urteko mutil bat "erreta" (edo auskalo zer hartu zuen) azaldu zen: begiak erdi itxita eta itzulipurdika zebilela. Jantokiko langile guztiok ikaratuta eta lotsatuta samar geratu ginen. Lehenengo aldia ez bazen ere, amari deitzea erabaki zuten, bere semea nola zegoen azaltzeko, baina, ez zuten espero zuten erantzuna jaso. Bazekiela eta hortik uzteko ihardetsi zien. Horrek pentsarazi zidan zein puntutaraino arduratu behar dugun geuk (jantokiko langileok) ume horretaz eta, orain, gero eta argiago ikusten dut gaur eguneko hezkuntzak eta eskola ikusteko moduak islatzen dutela gure bizimoduaren aldaketa. Eta ondorio honetara naramaten arrazoiak ugari dira.

Lehenengo eta behin, arestian aipatu dudan adibidean argi ikusten da guraso batzuek uste dutela eskola haurtzandegia dela, hau da, umeak uzteko leku bat, haiek beren bizitza egiten duten bitartean. Eskolak ez du lehen zeukan helburua, jada, eskola ez dugu umeak ikasteko erabiltzen. Eskolak umeak egoteko lekua du xedea. Bestela, ez dut ulertzen zergatik esan zuen ama horrek "hortik uzteko" bere umea, beroki ahaztua balitz moduan.

Ildo beretik jarraituta, gurasoak errudun bakarrak ez badira ere, argi dago nahiko errua daukatela umeen heziketaz hitz egiten dugunean. Gaur eguneko bizimodua dela-eta, gurasoek seme-alabak oso gutxi ikusten dituzte, horregatik (konpensatzeko-edo), seme-alabek nahi duten guztia ematen saiatzen dira eta, halaber, seme-alabek haiekin ez haserretzea nahi dute. Azken hau gerta dadin, bide errezena da beti arrazioa ematea, hori dela-eta, zer edo zer gertatzen zaienean eskolan, beren jarrera azaltzen saiatzen dira. "Nire umea ezin da izan hori egin duena" edo "Lagunek eraginda egin du hori" aitzakia ohikoenak dira.

Ikastola batean lan egiteak (eta ez irakasle), oso ikuspuntu ona ematen dit umeen heziketan irakasleek duten paperaz jabetzeko. Duela ez asko hasi zen esaten gurasoak ez zirela umeez arduratzen eta irakasleak zirela umeei eman behar zaien heziketa ematen zietenak. Izan daiteke hasieran horrela izatea, baina, orain, gurasoak seme-alaben heziketaz arduratzen ez direla jakinda, irakasleek ere ez dute horretaz arduratu nahi, pentsatzen dutelako lan hori klasean eta etxean egin behar dela. Azkenean, eta edonork ikus dezakeenez, ez gurasoengandik, ez irakasleengandik, ez dute inondik ere edornok behar duen heziketa jasotzen.

Dena den, gazteek berek ere badaukate errua gai honetan. Egia da, gaur egun ez dela erraza gaztea izatea, ahalegin handiak eskatzen zaizkielako, eta, era berean, kasu askotan daukaten erreferentzia ez delako oso egokia: gurasoen laneko konpetitibitatea edo bizi garen gizarte kontsumista, besteak beste. Honek guztiak, eta tximinoek bezala ikasten dugunez, "Zer ikusi, Hura Ikasi" eragiten du gazteengan.

Benetan gure gaztetxoen heziketaz kezkatuta bagaude, alda dezagun bizi garen gizartea, ezinezkoa dirudigun arren, argi eta garbi dagoelako horrela jarratiuz gero, umeen heziketak okerrera baino ez duela egingo.