Barakaldoko EGAlariak

2005/12/12

Argitaratu diren azken ikerketen arabera, eskola porrota inoiz baino handiagoa da gaur egun gure gizartean. Honek eztabaida ugari sortu ditu irakaskuntzaren zein gaur egungo umeen ezaugarrien inguruan. Alde batetik gurasoek gogor kritikatzen dute irakaskuntza eredua, egokia iruditzen ez baitzaie. Beste aldetik irakaskuntzaren profesionalek errua gurasoei botatzen diete umeen heziketa txarrarengatik. Begirunerik ez daukatela, klasean adi ez daudela, babestuegi daudela gurasoen aldetik... zaila bide da ikasleen aldetik iteresik jarri barik heziketa ona ematea. Nolanahi ere, nire ikuspuntutik, aipatutako bi aldeetan bilatu behar dira egoera honen errudunak.

Argi dago gaur egungo umeak ez direla garai batekoak bezalakoak. Haiek etxean jasotzen ari diren heziketak guk jasotakoarekin ez du zerikusirik. Eta bat nator hemen irakaskuntzaren profesionalek esandakoarekin: gurasoek oso erraz jarri nahi dizkiete gauzak beren seme-alabei, babestuegi daude umeak alegia. Nire garaian irakaslearekin arazoren bat edukiz gero, argi zegoen gurasoek beti emango zioketela arrazoia irakasleari. Gaur egun, aldiz, gehienetan umeekin bat egiten dute eta, zenbaitetan, irakasleak umearekin daukan arazoa, gurasoekin izatera irizten da. Denok pentsatzen dugu geure seme-alaba, hain ona izanda, ezinezkoa dela portaera txarra izatea. Beraz, irakasleak bihurrikeriaren bat leporatzen badio, gezurtzat hartzen dugu irakaslearena egia izan daitekeela pentsatu beharrean. Horrela, umeengan dauden portaera falta horiek ez dira zuzentzen, hori zuzentzea gurasoen esku baitago, baina ez dute aintzat hartzen, ordea.

Heziketan gurasoen akatzekin jarraituta, umeei gehiegi eskatzen dietela uste dut. Hau da, garai batean eskolatik irten eta gero, normalean lagunekin jolasten ziren kalean, baina gaur egun, berriz, nekez ikusiko dugu ume multzorik futbolean jolasten kalean arratsaldean. Baliteke hau gertatzea joku ohiturak aldatu direlako, baina nire ustez gertatzen dena da umeak klase partikularrak hartzera edo ikasketa bereziak egitera bidaltzea orokortu dela. Gurasoek ikaragarri kezkatzen dira umeek nota txarrak badakarzkiete etxera. Hori dela eta, berehala ikusten dute umeak gehiago ikasi beharra, baina lortzen dutena da umea nekatzea. Ume txiki batentzat beharrezkoa da jolastea, hori ere garrantzitzua baita nortasuna egiteko orduan, baina hori ez dute gurasoek kontuan hartzen, nonbait. Gainera, gero eta gehiago eramaten omen dira umeak psikologoarenera, ikasgairen batean txarto ibilita, arazoren bat daukatelakoan. Hala ere, gehienetan psikologoek ez dute arazo berezirik ikusten umeengan, baina gurasoek horrela jokatuz gero, umearengan normala ez delako sentimendua sortzen dute. Kaltegarria da, beraz, horrela jokatzea umeekin, arazoa gurasoek berek sortzen baitute.

Baina indarrean dagoen irakaskuntza ereduak ere badauka bere errua eskola porrot honetan. Beharbada irakaskuntzaren arduradunek argi dauzkate sistema honen helburuak, baina ez dut uste, ostera, gizarteari helburu horiek azaldu dizkiotenik. Bakoitzaren arabera, helburuak ezberdinak dira. Esaterako, askoren ustez garrantzitzuena edukiak ematea da, beste askoren ustez baloreak ematea da, ordea, garrantzi gehien daukana; badago nortasuna egitea helburu nagusia dela esaten duenik, edo umeak leku batean egon behar direla besterik ez pentsatzen duenik. Helduok gure umeek zertarako ikasten duten ez badakigu, are gutxiago edukiko dute argi umeek berek. Zerbait egin daiteke emaitza ona lortzen dugularik, egite horrekin lortuko duguna jakin gabe? Zerbait lortzekotan, jakin behar da zer den lortu nahi duguna, horrek motibarazten gaitu eta. Hain zuzen ere, motibazio gutxi ikusten dut gaur egungo ikasleengan. Dena den, arduradunek guk jakitea nahi ez dituzten helburuak egon daitezke irakaskuntzaren atzean. Hori ere pentsatu dut, baina ezin dut erantzun zergatik, nire iritzia izan arren. Norberak bere ondorioak atera ditzala puntu honetan.

Beraz, arazo larri bilakatzen ari den eskola porrotan errua banandu behar da. Logikoa denez, irakaskuntza eredu honek emaitza onak lortzen ez baditu, irakaskuntzan bertan ondo ez dabilen zerbait dago. Hala ere, oso garrantzitzua da arrakasta lortzeko orduan, ingurugirotik lortzen den laguntza, kasu honetan harreman estua baitago bion artean. Eta hor sartzen da gurasoen zein umeen portaera, beharbada egokiena ez dena. Bi ikuspuntuak ulertzen ez diren bitartean, jarraituko dugu bestea aldatzearen zain, eta egoerak berdin jarraituko du.

GAZTAROA, "altxor dibinue"



Edozein arazo sortzen zaidanean, burura datorkit duela hogeita bost urte nola bizi nintzen, inbidia kutsu batez. Artean, denbora osoa beteta banuen ere (hainbat saltsatan sartuta egoteagatik) beti pozik eta beti prest nintzen lagunekin ateratzeko. Baina, gaztaro osoan zehar bizitza errez-erreza da? Edo, zenbat eta hurbilago izan heldutasuna, orduan eta konplexuago bilakatzen da bizitza?

Egia da, nerabetasunetik aterata, gaztaroa bide erreza dela, aurrean pasatutako estutasunak iraganean geratu baitira eta pentsaeraren eta izaeraren arteko orekaren lortuta baitago. Oreka lortze hori gaztaroan sartu direlako seinalea da, hain zuzen ere.

Horretaz gain, argi dago gaztaroaren lehenengo mailan betebehar nagusiena ikastea dela. Hau da, nerabean hartutako ikasteko ildoa, gaztaroaren hasieran zehaztu egiten da lanbidea aukeratuz eta, nola ez, heziketa ziklo bat edo karrera ikasiz.

Halaber, gazteriaren munduan, lagunekin izateak oso garrantzi handia du, beraz, lagunekin egoteko uneak beharrezkoak dira familiakoekin egoteko betarik izan ez arren. Horrela, nahiago dute kanpin batean edo aterpe batean lagunekin asteburua edo oporrak eman gurasoekin izugarrizko bidaia egin baino.

Gainera, behar edo nahi duten gehiena, gurasook ordaindua da. Hots, arropa berria erosteko dirua, zinemara joateko dirua, lagunekin antolatutako afariak ordaintzeko dirua, bidaiatxoetara joateko dirua, hobiak izateko dirua, edota hainbat ikastaro egiteko dirua.

Dena den, esandakoa gorabehera, argi dago gaztaroaren bigarren mailan egoera aldatzen dela eta gazteek lortu nahi dituzten helburuak bestelakak direla. Esate baterako, ikasketak amaitu eta gero, lana aurkitzeak kezkatzen ditu. Beraz, ikasitakoari atarramendu ateratzekotan lan mundu aktiboan parte hartu beharko dute.

Orobat, bikotekide izateko garaia izango da honezkero. Horrela, bikotean harremanak seriagoak diren ahala, gurasoekiko independentzia ekonomikoaren beharra ere handiagoa da. Eta, momentu batean, bikotekidea izan ala ez izan, lan merkatuan behin sartuta, etxebizitza baten jabea izatea desio baino beharra izaten da.

Hortaz, aurrean aipatu dudan guztia kontuan hartuta, esango nuke gaztaroa (bizitzaren aro bat erreza badela ere, lineala ez denez, gaztaroaren azken maila, hau da, heldutasunaren hurbilena dagoen garaia) nahiko deserosoa gerta dakiekeela gazteei helburuak nahi duten erraztasunez beti ez direlako eskuratzen.



Joan den ostiralean tratu txarren aurkako eguna zela-eta Euskal Herrian zehar hainbat manifestapen egon ziren gizonen eskubideak eta emakumeen eskubideak berberak izan daitezela aldarrikatzen. XXI. mendeko herri garatuetan politikoki zuzena da tratu txarrak ez direla batere onargarriak esatea. Baina, guztiok gara iritzi berekoak? Edo, uste dugun baino gehiagotan tratu txarrak zuritzeko aitzakiak aurkitzen ditugu?

Argi daukagu edozeinek gainerakoen begirunea merezi duela, guk geuk merezi dugun bezalaxe. Beraz, beste arraza batekoa izan arren, edo gizarte-maila bestelakoa izan arren edota emakumea zein gizona izan arren, guztiok pertsonak gara eta pertsona izate honek berdintasuna eman behar digu.

Horretaz gain, dauzkagun eskubideen artean iritzi askatasuna eta pentsaera askatasuna daude, hortaz, beste batzuekin adostasuna ezak ez digu besteak zaplatzeko baimena ematen.

Bestalde, desadostasunak sentitzen ditugunean jarrera guztiak ulertzen edo, behintzat, entzuten saiatu behar dugu. Hala ere, geure jarrera, hitz eginez, azaltzen saiatu behar dugu. Dena den, akordioa lortzen ez badugu ez da ezer gertatu behar, argi izan behar baitugu esaera zaharrak dioena: “Hainbat buru zenbat aburu”.

Esandakoa gorabehera, eta gezurra badirudi ere, askotan argudioak ditugu bortizkeria erabiltzeko. Esate baterako, emakumeoi neskame rolak ematen dizkigutenez, gizon askok etxean ezer ez egiteaz gain, emakumeak egitera (haiek nahi duten moduan) behartzen dituzte.

Era berean, egia da etxetik kanpo gero eta emakume gehiagok lan egiten dugula, baina batez ere, enpresa pribatuetan, emeakumeok gizonekin alderatuta, gutxi kobratzen dugu. Gainera, erantzukizun lanpostuak, oro har, gizonentzat dira.

Azkenean, familia askotan erabaki garrantzitsua hartu behar dutenean, badirudi azken hitza gizonak daukala, etxeko jaun eta jabe izango balitz bezala, alegia. Horrek gizonei botere gehiegi ematea da, hortaz, gu geu gara ahalmen berezia ematen diegunak.

Horrenbestez, eta aurrean aipatutakoa kontuan izanda, argi dago tratu txarrekin amaitzeko guztiok pertsonak izateagatik geure iritzia ez ezik, geure izaera ere izateko eskubidea dugula eta gainerakoen usteak bestelakoak izan arren begirunea zor diegula.




Mª Carmen